XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Printzeak ez dizkio hainbat eta hainbat lege txar ematen herriari, zerga-biltzaileen askonahiak halakoak eskatzen baititu, orainean abantaila eta etorkizunean kaltea diren arautegiak.

Dirua duena beti besteen ugazaba denez, zerga-biltzailea despotiko bihurtzen zaio printzeari berari: ez da legegilea, baina legeak egitera behartzen du printzea.

Aitortzen dut batzuetan baliagarria dela berriki ezarritako tasa bat errentan ematea.

Badira arte bat eta asmakizun batzuk iruzurrak saihesteko, eta interesak arte eta asmakizunak iradokitzen dizkie zerga-biltzaileei, eta administratzaileek imajinatu ere ez lituzkete egingo;

alabaina, biltzaileak bilketa-sistema egin ondoren, arrakastaz ezar daiteke kudeaketa zuzena.

Ingalaterran, kontsumo-zergaren eta postaren errentaren kudeaketa, gaur egun den bezala, zerga-biltzaileengandik hartua da.

Errepubliketan, Estatuaren errentak zuzenean kudeatzen dira ia beti.

Kontrakoa ezartzea Erromako gobernuaren akats handi bat izan zen.

Estatu despotikoetan, non kudeaketa baitago ezarrita, herriak askoz zoriontsuagoak dira; Pertsia eta Txina dira horren lekuko.

Zorigaiztokoenak printzeak itsas portuak eta merkataritza-hiriak errentan ematen ditueneko herriak dira.

Monarkien historia zerga-biltzaileek egindako kalteez beteta dago.

Neronek, publikanoen bidegabekeriez suminduta, zerga guztiak kentzeko asmo ezinezko eta eskuzabala hartu zuen.

Ez zuen imajinatu kudeaketa zuzena; lau ordenantza eman zituen: publikanoen kontra egindako legeak, ordura arte ezkutuan eduki zirenak, argitara emango zirela; publikanoek ezingo zutela eskatu urtean zehar eskatu ez zutena; pretore bat jarriko zela haien nahiak formalitaterik gabe epaitzeko; merkatariek ez zutela ezer ordainduko itsasontziengatik.

Horra enperadore haren egun ederrak.

XX Zerga-biltzaileez

Galdu da dena zerga-biltzaileen lanbide irabazi handikoa, aberastasunak direla-eta, lanbide ohorezko ere izatera iristen denean.